XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zioa bera zio eta ondore.

Zirkularitate hori egoera honi aplikatua, honela litzateke, Don Isidroren hitzetan, eta Patziku errudun bakartzat senti ez zedin: - Luxiak, ezkonberritan, ez ba zuen bizitzen zuk hainean baserriko martxa; beretzat berria zen eta.

Zu, noski, ohartuko zinen galdu samarra zebilela emakumea hasiera hartan, baina laketuko zuelakoan zineuden, eta bitartean ekin egin zenion egunoroko lanei (lanak hor bait daude, egunoro, egiteke), zeure kasa, bere egunean bizilaguna zuregana bilduko zitzaizulakoan.

Ongi zegoela erranen zenion Luxiak egiten zuen guztiari (bera ez zapuzteagatik bazen ere), eta berak horrela ez zuen jakinen ziñez ongi ari ote zen edo hobekiago nola egin zitzakeen.

Honela, bakoitzak zuen gisa eta erara jarraitzen zenuten, normala gertatu ohi den bezala; ez bait da batere erraza elkar-bizitzen ikastea.

Dudik ez denez, Luxia zure lan eta zure munduan sartzen ez zen gehiegi ausartuko (intseguritate hutsa!), eta zuk ez zenuen nahiko Luxia gehiegi bulkatu... bizi berrira laketu arte, alegia.

Berak, ordea, uste zezakeen (exenplu bat da), uste zezakeen zuk ez zenuela oso gai ikusten bera, eta zure munduan ez sartzea erabakiko zuen, mail hortan zugandik urruti geldituz.

Zuk Luxia urruti sumatuko zenuen, segur aski, eta hura dena berari ez zitzaiola atsegin edo ez zitzaiola interesatzen usteko.

Honela, zu ere pauso pare bat aldenduko zinen beregandik; eta orain elkarrengandik pixka bat urrutiago... Zin-zinetan eta ongi nahiez ari zineten biek, baina bakoitza bere munduan, eta ez zenuten elkar topatzen bizitzan.

Patxi: sakonki ez hitzegiteak horrelako ondoreak dakarzki: nik uste nuen zuk uste zenuela nik uste nuela....

Hitz biz: batek bestea urruti sumatzeak urrutarazi egiten du bata; eta bat hau areago joan dela ikusiz, areago bestea batarengandik....

- Ez zabiltza oker, behar bada.